Sebastian Kerejetaren iritziz hamarretik bederatzi herritarrek, zoritxarrez, Oria, zeharo lur jota ezagutu dute eta hainbatek ez dute aintzakotzat hartzen
Oria eta Lasarte, bi auzoek adostu ondoren, mende laurden bat igaro da, eta oraindik, hainbat eta hainbat lasarteoriatarrek ez dute aintzat hartzen, eta hainbatek ez du onartzen gure herriaren izena Lasarte-Oria denik. Urteetan zehar, behin ere izena osorik esan gabekoak ere asko izango dira. Zenbaitentzat ez da oker larria izango, -herritarren arteko harreman ona da premiazkoena- baina bitxia dela ezin ukatu, eta horregatik aipatzen dut.
Erdia esanda ere ulertzen da noski, baina, gure herria denez, guk herritarrok behintzat, zergatik ez izena osorik erabili? Hizketan ari garenean esaldia laburtze aldera egiten dugu, baina idatzita ikusten dudanean harritzen nau; asko dira, zigilu, fakturen goi-idazki, karta-azal eta eskeletan edo dataren aurretik idazten dutenean, gure herriaren izenaren erdia idazten dutenak batere axolarik gabe. Herrian bizi edo negozioa herrian eduki, eta herriaren izena ez jakitea edo gaizki idaztea gure herriari eta hainbat herritarrei iraina eta mespretxua egitea delakoan nago.
Nire iritziz, gure herriari izena jartzeko garaian erabaki egokia, zuzena eta bidezkoa hartu zutela aitortzen dut, alegia Lasarte-Oria.
Behar bada, askoren akatsa edo aitzakia, gure herriaren kondaira eta iragana ez jakitea izango da eta argitze aldera saiatuko naiz, ondoren, labur bada ere, azaltzen.
Lasarteko berri, aintzinako denboretatik, Erdi Arotik, jasota ageri da hainbat idatzitan eta betidanik izan du nortasun eta errekonozimendu nabarmena, eta, nahiz auzo bat izan, herri askok baino ospe eta ezaguera handiagoa izan du mendeetan zehar, gainera, zalantzarik gabe, merezimendu osoz.
Bestalde, Oria, XIX. mendearen erdialdean nabarmentzen da, auzo, hiri edo herri bezala; alegia, kale-etxe, fabrika eta hainbat osagarriz hornituta; halaber, 650 bizilagunetik gora izatera iritsi zen garai haietan eta horrela mantendu zen urteetan zehar, nahiz, esan behar, aurretik ere, hamar baserri bazeudela Oriako lur-sailetan landa-lur bikainekin, auzo bat osatuaz.
Aipatutako hamarkada honetan, Brunet-tarren, sendi edo familia, Kataluniar jatorria zuena, Donostian finkatuta zegoen, era berean hainbat negoziotan parte hartuaz; bertako alkate ere izan ziren, bai aita eta baita semea ere.
Bere grina edo izaerari jarraipena emanaz, Oriako, Oria-haundi eta Oria-txiki baserriak eta bere lur-sailak jabetu ondoren bertan hasi ziren, gogo-biziz, proiektu berri bati gorputz ematen.
Bai lortu ere. Urte gutxian zeharo aldatu zen Oria eta Lasarteko ingurua.
Punta puntako lantegi eta langileentzako etxeak eta behar ziren ekipamenduak eraiki, eta inguru-gunea antolatu ondoren, 1848an ekin zioten, buru-belarri, lantoki berrian, kotoia landu eta oihalak ekoizten. 650 langiletik gora izatera iritsi ziren lantoki honetan eta Oria eta Lasarteko hainbat eta hainbat herritarrentzat ogibide izan zen.
Garai hartan estatu mailan zen hari eta oihal enpresa edo lantokirik handiena, egokiena, aurreratuena eta inportanteena altxa zuten Orian, esan bezala, etxe-bizitza eta ekipamendu oso duinez osatuta.
Gipuzkoako lurralde guztian, Donostia barne, Oria izan zen lehendabizikoa kaleak argiztatzen. Etxe guztietako sotoaren sarreran bonbila bat zegoen kalera begira.
Madril-Paris errepideaNahiz, gaur, harrigarri egiten zaigun, garai haietan, duela 170 urte, Oria eta Lasartetik Andoainera atze-aurrera egiteko, gurdi-bide ziztrin bat besterik ez zegoen, alegia, idi eta gurdiarekin edo astoarekin egiten ziren Andoain eta gure herri arteko garraioak, edo bestela oinez.
Bitartean, Madrildik Pariserako errepidea, -errege-bidea edo N-1a-, Andoaindik, Urnieta, Hernani, Astigarraga, eta Oiartzundik barrena iristen zen Irunera.
Gauzak horrela, Oriako Brunet-tarrak, gauzak aldez aurretik ikusita, erabaki garrantzitsu bat hartu zuten: Oriatik Andoainera, ibai bazterretik, errepide bikain bat irekitzea, alegia, errege-bide edo N-1 errepidearekin lotura zuzena lortzeko; behar zituzten kidetza eta laguntzen ondorioz, bai gauzatu ere. Ez zen txantxetako lana izango garai haietan!
Horrekin ez nonbait ase, eta, berehala, lehen aipatutako N-1 errepidea, ohiko bidez aldatu eta gure herritik barrena pasatzeko saiakerari ekin zioten. Hori ere, epe labur batean lortu zuten.
Gaur egun, zalantzan jarriko litzateke, noski, lorpen honen onura bainan, garai haietan izugarrizko lorpena izan zen.
Horren adibide da, lehen aipatutako herri horiek, haserre bizian, epaitegietara amorrazioz jo zutela erabaki honen aurka, beren interesak oso kaltetuta gertatzen zirelako, bainan ez zuten erabakia aldatzerik lortu. Orduan ere, errepideak hizpide eta liskar!
Oriak eta Lasartek, errepide honen bitartez munduan zehar bere burua azaltzeko aukera izan zuten. Oriatarrek egindako ekintza honek, garai hartan, onura eta eragin izugarria izan zuen Orian eta Lasarten, geroago ikusi ahal izan zenez.
Kultura eta ohitura zaharrakOriako izaeraren gaiarekin jarraituz, Europan zen fabrikarik aurreratuenetako bat eta lehen mailako errepide bat bertan izateaz gain, oriatarrak, kultura eta bertako ohiturak txertatu eta mantentzen saiatu ziren, eta bai lortu ere.
Batzuek aipatze aldera, esan, inguru hauetako musika banda bikainena zegoela Orian, bertako bizilagunekin osatuta. Herriz herri jendea alaitu eta Oriaren izena harro erabili zuten urteetan zehar (gure aita zenak musikari guztien izenak ederki zekizkien; oraingo zenbait futbol taldeko jokalariak bezain ospetsuak ziren inguru hauetan).
Gogoan dut, 1948. urtean, fabrikaren mendeurrena ospatu zenean, oraindik ere, hainbat gazte, jasota zeuden musika tresna haietakoak hartuta, arbasoen irudia oroituaz, txantxetan, hotsa atereaz, nola ibili ziren musika banda irudikatuaz kalejiran Oriako kaletan.
Sorgin dantzaOriako Sorgin-dantza ospetsua, gure herriaren ondare kultural preziatua dena, XIX. mendetik dantzatu dute oritatarrek, eta geroztik belaunaldiz belaunaldi bizirik eta tinko mantendu da Orian dantza ikusgarri eta maitagarri hau. Liburu bikaina ere badago oriatarrok argitaratuta. Gaur egun, ehunka herritar dira dantzatzeko gai, eta gure herriaren ezaugarrietako bat da. Plazido Mujika Berraondo, euskal kulturako goimailako gizon hau, Orian sortua da. 1906ko apirilaren 16an Oriako Baratzalde etxean jaio zen.
Lehen euskal hiztegia Berak idatzi zuen Euskara-Gaztelera eta Gaztelera-Euskara lehendabiziko hiztegia. Buru-belarri urteetan lanean jo eta ke aritu ondoren, 1964. urtean argitaratu zuen gure hizkuntzarentzat eta Euskal Herriarentzat hain garrantzitsua izan zen idazlan miresgarria, geroago, garai berrietara egokituta aterako zirenen hiztegien oinarri eta aitzindari izan zena. Horrez gain hainbat liburu eta itzultze lan egina zen oriatar jator, langile eta jakintsua hau. Emakumez osatutako abesbatza bikaina ere ezagutu nuen Orian.
Kirol mailan, puntako pelotari, futbolari, txirrindulari eta korrikalari sortu ziren Orian; estatu mailan nabarmendu zirenak eta txapelak ekarritakoak ere baziren.
Bi ikastetxe, eta frontoi ederra ere baziren Orian; Atano III., txapeldun handia ere, izan zen Oriako Plaza Berria frontoian jokatzen lasarte-oriarrak aurka zituela.
Jarraitu nezake hainbat eta hainbat aipamen azaltzen, baina, bukatze aldera, esan, Orian zeudela Gipuzkoako sagastirik ederrenetakoak, eta baita Euskal Herriko sagardotegirik bikainena, handiena eta dotoreena ere, 45 upel ikusgarriekin osatua, bolatoki ederra eta toka-lekua aurreko aldean zituela, urteetan zehar eskualdeko hainbat eta hainbatentzat topaleku atsegina izan zena.
Automobil lasterketa ospetsuak ere, nahiz Lasarteko izena eraman, Oriatik irten eta Orian zuten helmuga eta bertan zituzten, baita ere, tribunak eta bulegoak. Antolatzaile, epaile, agintari eta Alfonso XIII., erregeak ere, lasterketak ikusi ondoren, Orian, Jose Kerejetaren okindegiko etxean, bazkaldu ohi zuten, etxera abiatu aurretik.
Gauza bera esan daiteke, 1965ko munduko txirrindulari txapelketa aipatzerakoan ere, Oria izan zen topaleku eta antolaketa eta ospakizun guztiaren ardatz.
Oriatarren izpirituaAmaitzeko, azpimarratzekoa da oriatarrek betidanik izan duten izpiritu liberal eta aurrerakoia, hurrengo langile belaunaldiei ere bidea zabaltzeko balio izan zuena; horren adibide, garai haietan aitzindari zen sindikatuaren egoitza, Braulia-enea etxean zabaldu zuten. Gizarte mailan, oriatarrek bizi izan zuten bizikidetasunaren maila eredugarria zen.
Gaur, Lasarte-Orian bizi diren hamarretik bederatzi herritarrek, Oria, zoritxarrez, zeharo lur jota ezagutu dute, eta, hainbatek, gure herriaren historia ez dakitenez, hasieran esan dudan bezala, Oria eta gure herriaren izena, Lasarte-Oriaren izena alegia, aintzakotzat ez dute hartzen.
Ea ba, gure herriko berri, pixkat gehiago ezagututa, behingoz, hainbat herritarrei iritzia aldatzen zaien eta, gu guztion herriaren izena, osorik, harro ibiltzeko denok gai garen. Hala bedi