Azken aspaldi honetan, krisiak bazter guztiak zipriztindu ditu. Krisia heldu ez den txokorik ez da geratzen, izurritearen gisa hedatu eta zabaldu da denean, han eta hemen.
Murrizketen aroa dela esan daiteke, guraizez batzuk eta aizkorakadaz besteak. Non-nahi gertatu dira kaleratzeak, enpresa handi zein txikitan, soldata jaitsierak, desjabetzeak, hezkuntza eta osasunean murrizketak, etab.
Honek guztiak gizakiongan du eragin zuzena, gugan hain zuzen ere, eta bada nahikoa motibo burumakur egoteko.
Ikusi besterik ez dago autobus geltokia: bertako ilaran zain daudenetatik gehienak, burumakur. Haur parkeetan ere berdintsu: haurrak jolasean dabiltzan bitartean, hainbat guraso, burumakur. Kafetegietan, dendetan edo kalean hara eta hona dabiltzan asko ere, gazte zein heldu, burumakur.
Baina ez da krisia burumakur jartzen gaituen motibo bakarra. Gure etxeetan, edo hobeto esanda, gure patriketan sartu den gaitz kutsakorra baino ez, sakelako telefonoa, alegia.
Uneoro eta non-nahi ikus dezakegu norbait telefonoa eskuan, eta bertara, burumakur. Mezuaren zain agian, salbazioa Whatsapp bidez iritsiko denaren itxaropenez.
Santiagoko bidearen parekoa da bizitza; Norbere konpainian, barrura begiratzen duen bidaia, zer gerta, zer ikusi eta zer ikasi zain. Pauso bakoitzak misterio berri bat ekarri dezakeelakoan, beldurraren eta irrikaren arteko nahasketa tentagarria.
Bizitza magiaz beteriko abentura gazi-gozoa izaki, badirudi inteligentea ere badela, eta bakoitzari dagozkigun ikasgaiak jartzen dizkigula bidean. Bideo jokoen antzera, pantaila bera mila bider errepikatzeraino, herensugea menderatu ezean. Eta behin mendean hartuta? hurrengoa zain, eta hurrengoa, eta hurrengoa…
Maitasuna bizitzaren eta zorionaren motortzat onartuta, eta bidean joan-etorrian dabiltzan beste hamaika erromes gurutzatuko zaizkigunez, hobe dugu bestea ulertu… lehiakide ordez bide-lagun bihurtu, arerio beharrean konplize, gure buruaren ispilu eta ez gure epaiaren zain dagoen akusatu, edo alderantziz… Besteek osatu egiten gaituzte, eta ez, sinestarazi nahi diguten gisan, arriskuan jarri. NI-tik GU-ra eta GU-tik NI-ra sortzen den oreka askea behar luke. Bakoitzak gure bide eta prozesio propioa daramagu, baina etapaz etapa besteengana inguratzen gara, babes eta konplizitate bila. Maitasun premiak batzen gaitu.
Elkartzen garen legez banatzen gara, ordea. Baliteke aldi batez batera bidaiatzea, baina bakoitzak norabide bat dugunez, baliteke denborarekin bide desberdin bat hartzea ere, edo ez… Nork daki… Dakiguna da, gure burua izango dugula bidaia-kide ziur bakarra.
Jabeak eskainitako makilari hozkatzen dion zakurtxoa bezalakoak gara. Geuk hozkatzen ditugun menpekotasunen eta beldurren makilek astintzen gaituzte ezker-eskuin, jabeak nahi bezala. Ez gara ohartzen ordea, nahi dugunean makiltxoa askatu besterik ez dugula, ezerk ez gaituela lotzen, aukeratu genezakeela bidea, alegia.
Santiagoko bidea bezalakoa da bizitza; non hasiko zaren badakizu, baina ez norekin, nora, eta noiz iritsiko zaren. Onena gertatzeko dago!
Zer eramango zenuke inor bizi ez den irla batera?
Erantzun ohizkoenak.: Liburu on bat.
Praktikoena: metxero bat.
Aitor ezina: neska/mutil katxarro bat.
Aste honetan antzekotasun handia duten hizketaldi bat baino gehiago entzun ditut Bermeoko sute izugarria eta gero.
Zer aterako zenuke zure etxetik gauez, lotan zaudela, larritasunez etxeko atea joko balute eta etxea sutan dagoela oihukatu?
Erantzun xelebre bat baino gehiago entzun dut.
Lehenengo haurrak. Arrazoizkoa.
Lehenengo neroni. Arrazoizkoa hau ere.
Lehenengo haurrak, etxekoak, neroni, katua, txoria, argazkiak, ordenagailua, poltsa, dirua, libreta, famili liburua, etxeko eskriturak, aseguru poliza,
Haur batek amari: lehengo futboleko kromoen kolekzioa!
Arrazoiz jokatuko bagenu, esnaera traumatiko horretan zer da aterako genukeena? Noski berreskuratu ezin dena. Argazki zaharrak, dirua, beste guztia kopiatu daiteke.
Baina herio horretan ez dugu arrazoiz jokatzen. Inork ez dakigu nola erreakzionatuko genukeen. Ez ahal litzake momentu horretan agerian geratuko gure benetako izaera?
Lehenengo momentuan, bizilagun guztiak eskaratzera jaitsi eta izugarrizko gertutasuna sentituko genuke denok ondo gaudela ikustean (nahiz eta egunerokotasunean diferentzi bat baino gehiago eduki) eta bigarren momentuan elkarri begira jarriko ginateke. Hara hau hanka-hutsik jaitsi da. Eta beste hau beti hain panpoxa, piura horrekin lo egiten al du? Eta beste hau zer, beti bezala poltsari lotuta.
Larritasun hauetan asko ikasten dela iruditzen zait. Gure sen primarioenak agerian uzten ditugu. 83ko uholdeak etorri zaizkit gogora. Ikaragarrizko triskantzak eta ikaragarrizko laguntasuna.
Joan den urtean Athletic taldeari gorazarre egitea otu zitzaidan zutabe honetan bertan. Egundoko denboraldia egin zuen eta nahiz lasartear askok ikusi ere ezin duten, han joan ziren burura etorri zitzaizkidan hitz guztiak lasai ederrean.
Pentsatuko duzue lagunartean entzun behar izan nituenak hura argitara eman zuenean Txintxarrik. Alegia, aski zutela komunikabide guztietan, bereziki ETBn esaten zuten, ematen ari ginen albiste sortarekin eta etzela bidezkoa herriko aldizkarian ere hura irakurri behar izatea. Zorrotz baina aldarte onean esaten zizkidaten eta nik, jakina, kiroltasunez entzun nituen, areago, nere gogoko taldeak Manchester, Schalke eta Lisboako Sporting kalera bidaltzen zituela ikusita.
Gauzak asko okertu dira San Mames zaharrean ordea. Aurten, nahasi eta zikin dabiltza hango urak eta nongoak garbituko eta Realekoak.
Kasualitatea ere bada, Athletic gainbeheran doanean Realak berebiziko denboraldia egitea.
Lagunek sinisten ez badidate ere, pozten naiz. Gaizki pasa dute oso txuriurdinek bigarren mailako esperientzia horretan eta haren ordainez edo merezi dute poz pixka bat.
Zorionak beraz eta zukutu ondo aldeko garai hauek, Athleticek urtebeteko tregua txiki bat besterik ez dizue eman-eta!!
1199. kilometroa burutuko du Korrikak ni lerro hauek idazten ari naizen bitartean. Ordu batzuk barru iritsiko da Gasteizera eta hemen dagoeneko usaindu liteke giroan, kanpuseko ikasle bazkari jendetsuan nahiz kale ertzetan kilometro kopurua adierazten duten paneletan.
Gaurkoan ez nator ezer berria esatera. Ez espero, beraz, nigandik hitz joko orijinalik edo sorpresarik.
Dakizuen bezala, aspaldi hasitako bidea da euskararena. Bide horretan izerdi tantak malko ere bihurtu zaizkio zenbaiti. Izan ere, askori ahaztu egiten zaie benetako Korrika lekukoa Baionara iritsi ondoren hasten dela.
Astelehenetik aurrera, fabriketan, ikastoletan, gau eskoletan, euskaltegietan, kalean, tabernan, udaletxeetan, herriko plazan… Orduan ere euskara eman beharko diogu elkarri. Oraindik zalantzan jartzen duten horiei argi uzteko euskaraz dena egin daitekeela; jolastu, gozatu, eztabaidatu, maitatu, haserretu, adiskidetu, poesia idatzi, kantatu, eta Suarezen esanei aurka eginez fisika kuantikoari buruz hitz egin ere bai, zergatik ez? Begiratu bestela Etxepareri, gaur egun mingainetan, belarrietan eta bihotzetan daramagun hizkuntza (eskribitu ezina zen hura) eskribitzea lortu zuen!
Aurreko astean, Aitorrek, AEK-ko ikasleak, bi esaera zahar gehitu zituen bere koadernoan: “Gustoko tokian aldaparik ez” eta “Ezina ekinez egina”. Niri ere aldapan gora goazela iruditzen zait askotan, baina bada garaia gugan sinisten hasteko eta ezinezkoak egiteko. Bagoaz korrika…
Udaberriaren atarian izanda, erakusleihoen koloreak nabarmen aldatzen hasi dira. Atzean geratzen ari dira neguko tonuak: beltzak, grisak, marroi zein urdin ilunak… Koloreek urtaro berri bat igartzen dute. Halere, azken boladan badira beste kolore batzuk gurean modan jarri direnak, udaberrian nahiz neguan. Kaleetan, ikastetxeetan, hainbat lantokitan… horia, urdina eta berde iluna paisaiaren parte bilakatu dira jada. Egun, ohiko zaborrak apainduta agertzen dira kolore ezberdineko poltsekin. Kolore bakoitzak esanahi bat du. Ezaguna da: urdinean papera, horian -nagusiki- plastikoa eta berdean ilunean gainontzekoa.
Ez dakigu geratzeko etorri diren edo birziklapenaren garapenak ordezkatuko dituen oraingo ontziak eta koloreak beste batzuengatik. Denborak esango digu. Azken finean, birziklapena gizakiaren historian zehar garatu den praktika bat da. Eta pentsa daiteke gero eta protagonismo handiagoa izango duela gure bizitzan. Birziklapenak bizi iraupenarekin, beharrarekin, aurrezteko nahiarekin du, besteak beste, lotura. Birziklatzen da zaharra berriz margotzen denean, puskatutakoa konpontzen denean, behar ez duguna oparitzen dugunean, eskura ditugun erabilitako osagaiekin zerbait sortzen dugunean… Praktika guzti hauen atzean positibotzat jo izan ditugun balioak egongo lirateke. Baina denborarekin, balio horiek bigarren maila batean uzten joan gara eta beste batzuei eman diegu lehentasuna: distira egiteari, berria izateari, modernoa izateari, modan egoteari, kontsumitu eta erosteari… Bai, baloreaz ari gara, ez bakarrik koloreen kontuaz.
Ez dago etxean geratzeko aitzakiarik, kalera irten eta aldarrikapenarekin bat egiteko eguna da. Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira hainbat ekitaldi egingo baitira gaur Euskal Herrian. Emakumeen eskubideen alde, manifestazioak antolatu dituzte hainbat alderdik, sindikatuk eta mugimendu feministek, eta agerraldiez gain, hitzaldiak, lehiaketak eta erakusketak ere antolatu dira.
Berdintasuna aldarrikatuko dute gobernu, erakunde eta hedabide guztiek, asmo onen berri emango dute, indarkeria matxistaren gaitza deitoratuko dute, eskubideak bermatu beharra aipatuko dute, eta berdintasuna, batez ere berdintasuna aipatuko dute behin eta berriz. Ezberdintasun honen aurka borrokatzeko instituzio desberdinak daudela, eta legegintzan lorpen handiak eman direla.
Gure gizartea ez dela matxista, baina badakigu gizon ala emakume jaiotzeak abantailak eta pribilegioak, edo, desabantailak eta zailtasunak dakartzala. Herrialde aurreratua eta zibilizatua garela, hemen emakume libreak nahi duena izan eta egiteko eskubide berberak dituela, berdintasunak bermatzen dizkiolako.
Eta bihar zer? Urteak daramatzagu Martxoaren 8an gizon-emakumeen arteko berdintasuna aldarrikatzen, baina jokabide matxistak behin eta berriz errepikatzen dira gizarte maila guztietan.
Generoei sozialki ezarritako mugak eta estereotipoak hautsi behar dira, eta emakumeak baztertzen eta makurtzen dituen eredu maskulinoekin amaitu.
Gizartea osatzen dugun guztiok, beste baloreez gain, errespetuan, erantzukizunean eta berdintasunean oinarritutako heziketa beharko genuke eredu aurrerantzean Martxoak 8 eguna OSPATU ahal izateko." Gorka Lasa 0 0 -1 -1 1.604 8310 0 150 1 #lasarteoria #iritzia 0 1087 2013-03-11 Astelehena 2013-03-11 0:00:00 1087 00 1 / 1
Oraingoan, gizontasunari erreparatu nahi izan diot, zinez gai garrantzitsua iruditzen zait eta. Zorionez, berdintasunaren aldarriak gero eta indar gehiago hartu duen garai hauetan, ezinbestekotzat jotzen dut gure gizontasuna ausnargai jartzea.
Jakinak dira gizon izateak berekin dakartzan rol eta gain kargak. Gogorrak izan beharrak ahul egiten gaitu, eta ahul garela ez onartzeak bakartu eta emozionalki isolatzen gaitu. Sexualki lortzen dugun palmaresak mailakatzen gaitu. Segurtasuna adierazi behar horretan, izuaren preso bizi gara. Indarraren balioak biolentzian hezten gaitu. Oihaneko errege ez bagara gure identitatea kolokan sentitzen dugu. Negar ez egiteak besarkadak galarazten dizkigu… luze jarrai genezake adibideak eman eta eman.
Nire gizonkeriak ezagutu eta gizontzeko bidea egin nahi dut, bere osotasunean, emakumeekiko berdintasunean, baina gizon izateari utzi gabe. Ezinbestean apurtu beharreko kateak baitira generoak ezartzen dizkigunak, eta gizonok bide luzea dugu egiteko oraindik.
Hau da datorren martxoaren hamalauan, Lasarteko Manuel Lekuona kultur-etxean, Imanol Kamio piano joleak, Aitor Atxega gitarra joleak eta Ander Lizarralde eta Unai Muñoa bertsolariok eskainiko dugun emanaldiaren muinetako bat, “Ez gara Palestinaz ari” izendatu duguna. Bertan, gure bertute eta alde kutreenekin garen bezala agertzeaz gain, gure gizonkeria agerian utzi eta eredu berrien bila abiatzeko premia aldarrikatzen dugu, bada garaia eta.
Gure kantak dioen moduan: kartzela bat bada zure bizitza, zeu zara orma, barrotea, giltza… gizonek ez dute egiten negarrik eta horregatik gaude hain bakarrik. Ez zaude bakarrik, ez zara bakarra, guztiok daukagu elkarren beharra.
“Politikoki zuzena” nondik sortu ote da esaera hau? Zerbait, politikoki zuzena dela diogunean zer esan nahi dugu? Inor ez mintzeko modukoa dela, edo gehiengoak espero duena dela, edo gizarte/kultura honetan onartua dauden parametroetan ulertzen dugula.
Jaunak, nola iritsi gara hona?
Bi hitz hauetako zein parte ez dugu ulertu? Hala bien loturak osatzen du koktel lehergarria?
Zuzena zer den eta zer ez, sarritan erlatibizatzen dugu baina aurretik “politikoki” jarrita zuzentasunak hartzen duen esanahia garbia da. Garbia bezain kontraesankorra.
“Zuzena” eta “politika” ura eta olioa ez ote dira? Politika tradizionalari kiratsa dario. Politikan gizarteari zerbitzatzeko borondatez sartzen omen dira. Bai alajainetan!
Okerrena da herri xehearen artean politikan bakoitzaren onurarako aritzea dela normaltasuna. Bestela zergatik sartuko zara ba, saltsa horietan? Ezer ez ateratzeko? Ideia hori zabaldua dago eta hori da benetan arriskutsua. “La picaresca española”. Onartua eta graziosoa gainera. Agintariek eredu bikainak ematen dizkigute, gero moralinaz jantzitako nahi adina zerga igotzeko eta nahi adina murrizketa egiteko.
Delinkuentzia eta inseguritatea emigrazioak ekartzen omen ditu.
Orain Espainiako eskuinari tokatu zaio. Baina etxe aldean ere ba omen da halako antzekorik. Angulak jan nahi badituzue, zuen diruarekin ordaindu. Guri gerrikoa estutzeko eskatu diguzue.
Europako edozein herrialdetan gobernua erori zen aspaldi baina, ”España is diferent”.
Sarritan boterearen erotikak irabazten du partida. Haragia ahula da. Jaiotzaz gara berekoiak. Lasai, Roucok barkatuko zaituzte, zuek damutu, eta jarrai lehengo bidetik. Aurrera mutilak!
Badakit zergatik ez diren mozorrotzen, ustel miserable batzuk izan eta herri ordezkarien bizitza egiten dutelako. Bizitza guztia mozorrotuta!
Alferrik da, Estatu Batuen eragina gure kultura, adimen eta bizitza ikuskeran ukaezina da. Horrekin, zuritu nahi dut neure burua gaurko pentsamendu hauei jarritako izenburua jarri ondoren. 49ers talde bat bada, Futbol amerikarrean aritzen dena oso oker ez banabil.
Beno, 45ers orduan. Hori delako idazten duenak, eta neurekin batera herriko beste lagun eta ezagun askok aurten harrapatuko dugun adina, bihar bertan nire kasuan.
Eta, orain artean gertatu izan zaidan bezala: dena ondo, aizue. Askok dio 20, 30, 40 edo 50 urte betetzen direnean izaten dela halako krisi moduko bat, bizitzak eskuetan behera ihes egin dionaren sentsazioa duena asko dela alegia han eta hemen. Ez da nire kasua izan, akaso, bizitzako urteetako bakoitza edo areago, bizitako esperientzia bakoitza bakarra, intentsoa eta goitik behera dastatutakoa izan delako. Eta gauzak hala egiten direnean arraroa da bizitzak ihes egin dizula pentsatzea ere.
Eta urteek aurrera egin ahala, denbora abiada handiagoan doala dioenari gomendio bat: geratu!!! Bizi instante bakoitza eta hala geldotu egiten da trenaren martxa. Jabetu bestela oporretan etxetik kanpo ibiltzen garenetan zer gertatzen zaigun. Egunetako bakoitzak luzeagoa denaren itxura hartzen du: biziago, esna-esna, erne gaudelako ikusten dugun gauza bakoitzaren aurrean, gehiago eta intentsoago bizitzen dugulako momentua, errutinarik gabe, hori baita, errutina, dena gris bihurtzen duena, bizitzari gatza kentzen diona, egunen joan etorria azkarra, zentzugabea eta nihilista bihurtzen duena.
Bada zerbait, “ona” guzti honetan: gure esku dagoela zein jarrerari heldu eguneroko martxan. Gure esku dagoela zein bizimoduren aldeko apustua egin.
Zorionak, neure buruari, ze letxe!!
“Zuek ezpazerate kontentu errua ez daukat ez nik, txistuak jo dituzute bainan maite zaituztet oraindik”. Xalbador. 1967ko Bertsolari Txapelketa Nagusia, Anoetako pilotalekua.
2013ko urtarrilaren 14a. Sevilla. Wert ministroaren konferentzia izan behar zuena. Ez gaude kontentu. Zure errua da. Bai, asko maite zaitugu. Txistuak, oihuak eta txistu gehiago.
Egin froga interneten, hasi erreformari buruzko informazio eta iritzi bila eta azpimarratu gehien errepikatzen diren hitzak; hezkuntza atzerakoia, unimorfoa eta berzentralizatua.
Baina denen artean Agirrezabalaren hitzak egin zaizkie nire belarriei gordinen: “Jose Ignacio Wert espainiar ministroak aurkeztutako hezkuntzaren kalitatea hobetzeko lege aurre-proiektua euskararen eta euskal hezkuntza sistemaren aurkako erasorik larri eta handiena da”.
Zenbat urte Euskal Eskola Nazionala aldarrikatzen, beste zenbait ezaugarri izateaz gain, guztiz euskalduna izango zen hori irudikatzen. Ohikoa delako tamalez, EHUn lau urteko karrera bat euskaraz egitea hautatu eta hirugarren mailara iristean zuk egin nahi duzun hautazko ikasgaia gaztelaniaz soilik eman zenezakeela jakitea. Edo Euskal Ikasketetako graduko lehen urtean euskara lotsagarriz diharduen irakasle bat entzun behar izatea astean lau orduz. Orain arteko egoerak horrelako eta antzerako adibideak barne hartzen zituen. Hori jakinda, nolakoa izango da Wertek norabidetzen duen egoera berria?
Zapalkuntzaren aurka eta maite dugunaren alde egiteko beharra sentitzen dugu beste behin. Horregatik, txistuak zuretzat Wert jauna, oraindik euskara maite dugunon partez, txistuak.
Euskal Herriak duen kokaguneagatik leku berezia dela esan genezake, besteak beste, lurraldea bitan zatitzen duten bi isurgune ditugulako, kantaurikoa eta mediterraneokoa.
Beste hainbatetan gertatu izan den bezala, urtarrilaren 12 an, Bilbon, euskal presoen eskubideen alde antolaturiko manifestazioak ere zatiketa ekarri zuen, aldekoen eta kontrakoen artekoa. Baina oraingoan, ordea, zatiketa ez zen giza-uholdea gelditzeko gai izan.
Euskal Herriko iturburu desberdinetan jaio, eta mendietan behera, ibarrak eta haranak zeharkatuz, Bilborarteko autopista eta errepideak hartuz, Bilboko kaleak giza-uholde batez bete ziren, Bilbok gainezka egin zuen.
Manifa garai berean, euria hasi zuen, erruz, goi-behe. Ondorengo orduetan ere ez zuen atertu, bota ta bota, eta urak handitzen zihoazen, ibaiak hazten, bazterrak putzuz betetzen. Hainbat tokitan ibaiek gainezka egin zuten, belardi soroak guztiz estali arte eta larrialdietako emergentzi planak martxan jarri ziren.
Ohi den gisara, ekaitzaren ondoren, barealdia eta urak bere onera . Xabier Leteren kantak dioen bezala: “…Itsasoan urak handi dire, murgildu nahi dutenentzat….”
Argi geratu da uholde guztiak ez direla berdin neurtzen, benetako erantzukizuna dutenek ez baitute larrialdietarako emergentzia plana martxan jartzen, milaka lagun, ur handitan murgiltzeko prest izan arren, beste herritar askoren eskubideak urak eramaten dituen bitartean.
Abenduak 24, arratsaldeko 19:00ak. Okendo plaza jendez gainezka dago. Neska-mutilak, adin orotakoak, herriko auzo guztietakoak. Musika entzuten da. Giroa ezin hobea.
Mugimendu guzti honen artean gauza batek deituko dio bereziki arreta bertaratzen denari: ilara luze batek zeharkatzen du plaza punta batetik bestera. Txukun-txukun, bata bestearen atzean, umeak eta helduak. Domino pieza zutituen antzera. Porrotxek muxuak banatzen ditu kantoi batean. Mari Domingik ilaran daudenen itxaronaldia arindu nahian edo, bere burua eskaintzen du gutunak jasotzeko. Izan ere, gutxienez umeak bezain beste gutun daude errenkada horretan. Behintzat, gutun-azalak daude agerian, barruan, seguruena, amestutako jostailuen zerrenda, hitzez edo margotuta; agian kontakizunen bat, urte osoko balantzea: “txintxo portatu naiz” edo… Amets horien zerrenda bezain luzea da Olentzero agurtzeko lerroa. Desioen segida bezain geldoa da Olentzerok ume bakoitzarekin duen elkarrizketatxoa.
Denbora guztiz mantsotu da: artisauaren erritmoa irudikatu daiteke: umeak pentsatu, irudikatu, erabaki, idatzi, marraztu, kartazalean sartu, berau itsatsi, gorde. Gabon bezperan kartazala hartu, eskutik heldu (gogor, sendo), Okendora joan, ilaran jarri, itxaron, itxaron, …. Itxaron gehiago. Azkenik oholtzara igo, gerturatu, begiak zabaldu, zabaldu gehiago, ahoa ireki, ireki gehiago. Olentzero agurtu. Muxua eman.
Gauza batzuk bere denbora behar dute. Eta begira gaudenok (gurasook), behingoz, ez gaude gauzak azkartuko lituzkeen teknologia berriren baten zain.
Gora bihotzak! Min dut bihotzean. Errabia barreiatzen da nire erraietan barrena kaleratze bakoitzean. Ez naiz ausarta ordea, eta neure izuan gordea, salbatzailearen zain dihardut otoitzean. Beharrak behar, odolaren balioz irabazitako eskubide murrizketak irenstear… eta gaitz erdi, gainontzean… Zer gertatuko litzateke baina, egoera kritiko hau iraultzea lortzean? Desberdin jokatuko al genukeen erratuak oroitzean? Min dut bihotzean.
Bidean bada garbitu beharreko sasi eta belar txarrik, parlamentutik bankura. Arazoaren gako nagusia baita sistemaren hezurdura, baina, noren kontura? Bideoz grabatu ezingo diren pelotazo eta porrazoen zentsura, eta ardura, eskutik eskura… Lehen esku bat bolantean eta bestea leihopean, orain berriz, bi eskuak burura. Autokritikarako garaia heldu da.
Karreretako zaldien pare, alboetara begiratu gabe, egin gara hondorik ez duen luxuzko zakuaren jabe. Kontuz! Bizilagunen sorbaldaren gainetik begiratuz, baloreak galdu ditugu hala ere. Eta orain, salbatzailearen zain, gauden bezala gaude… Dena da aldarri, haserre eta atsekabe, baina norberari dagozkion erantzukizunak, non daude?
Burtsaren osasuna, Jaurlaritzako ogasuna, enpresa handi, ertain eta txikien estuasuna, munduko hirugarren gerra ekonomikoa denaren oihartzuna… Salgai jarri dute herritarron askatasuna, geuk oparitu dieguna. Zer da ordea etxean zain mantentzen gaituena? Bildurra eta aspaldi galdu genuena; elkartasuna.
Salto bihotzak, eta iratzarri nau neguko hotzak. Zergatik ez ditugu erakusten hortzak? Diosta nire baitan marmarrean ari den ahotsak. Zein den norberaren errua baleki bakoitzak… Gorbatadunen cohiba ketan desagertu dira gure bizipozak, txokoan kizkurtuta gauzkan bitartean guztia galduaren lotsak.
Erakutsi hortzak diosta barruko ahotsak. Gora bihotzak!!!
Kaixo lagunok: Espainia aldetik bueltatxo bat ematetik nator. Zehatzago esan da Andaluziatik. Km asko egitearen ondorio izango da edo… Melchor Miralles, Isabel San Sebastian, Del Olmo, RN, SER, Onda 0, Radio ABC, eta antzekoen uhinek disparatutako erradiazio izpiak jasatetik.
Harritzekoa bada ere, azken 15 egunetan euskaldunak nahiko bakean utzi gaituzte. Katalanak zituzten jomugan. Inondik ere independentismoak kriston jipoia hartu omen du???? Ja!!!
Espainiar nazionalismo erradikal bezain kutre horrek non kokatzen du bere abertzaletasuna? Folklorean? Ez jada hori oso degradatua dago. “País de pandereta”. Ez, ez. Ekonomian? Nahiko izorratua daukate (izorratu dute) azken aldian. Ez jaunak! Lurraldetasunean. Guri ukatzen diguten horretan. “España, una, grande y libre” hori, bakarra eta batua dela zalantzan jartzen duen oro, kataklismo bat da.
Bestalde Andaluzia herrialde zabal eta aberatsa, espoliatu egin dute. Kostalde zoragarria espekulatzaile eta politiko ustelek erabat izorratu. Eta Europar turismoaren morrontzara kondenatu. Lurraldetasuna bai, baina lurraldea gehixeago maitatu behar da. Lur emankorren %90a jabegoaren %3aren esku dago. Zer egin gosea eta miseriaren aurrean? Guk hemen Sahararako janari bilketa egiten dugun bezala, Janari Bankuak martxan jarrita dauzkate, baina bertako jendearen artean banatzeko. Badakit hemen ere badaudela, baina momentuz ez ditugu guk betetzen, enpresek baizik, instituzioen laguntzaz.
Eta errematea: La Caixaren iragarkia. Bartzelonako futbol izar horietako baten hitzetan “bertako” gosearen aurka egiteko kanpaina iragartzen du. Kafkak ere lanak izango lituzke hau esplikatzen!
Eskerrak Marinaledara bueltatxo bat egin genuen. Bai, Sanchez Gordillo (Hiper batetik bi karro janari ordaindu gabe ateratzeagatik ezagutarazi nahi izan duten alkate gaizkilearen herrira) www.marinaleda.com. Eman bistadizo bat. Marinaledan ez dago ia langabeziarik,ez goserik, ez desjabetzerik. Aurretik deskribatutako zabortegi horretan loratu den arrosatxo usainduna.
Autogestioari panikoa zaio. Desjabetzeak pairatzen dituztenek diote: ”Si se puede”. Baina niri, barkatuko didazue, Obamarena gehiago gustatzen zait. “Yes we can”. GUK ahal dugu.
Milioi terdi lagun bai Bartzelonako kaleetan. Irailak hamaika zituen, Diada-eguna katalanentzat. Urtero ospatu izan dute baina ez aurtengo sona, arrakasta eta jarraipenarekin. Milioi terdi lagun kaleetan ez da nolanahi biltzen eta asko pentsa arazten du argi denez.
Madrilen kezka sortu zuen baten baino gehiagoren barrualdean. Ordurartean Kataluña, aldarrikapen batzuk gorabehera, oso modu errezean eramateko auzia zen estatuarentzat. Aurten ordea alarma guztiak marruka hasi zaizkie independentzia eskean halako jende oldea ikusita.
Hori Madrilen, esan bezala.
Eta Katalunian bertan ere askoren burmuinak martxan jarri ziren. ERCkoek pentsatuko zuten hura zela beraien ideietara bildutako andanaren gozamena. Denak independentista ikusiko zituen estelada-banderak tarteko.
Eta batzuk hala izango ziren baina beste asko nazka nazka egindako herritarrak besterik gabe. Handik dirua erruz joaten dela Madrilera eta bueltan askoz ere gutxiago itzultzen dela somatzen duena.
Eta banderak aipatu ditudanez, hain juxtu, Artur Mas presidenteak manifestari guztien bandera hartu nahian autodeterminaziorako ziaboga jo zuen, nahiz martxa hartan azaldu ez, haien buru buruan jarri nahirik edo.
Eta 62 parlamentarirekin gobernuan zegoen CiUk erabaki kurioso bat hartu zuen: hauteskundeak deitzea legegintzaldiak bi urte ere egin ez zituenean oraindik. Milioi terdiko erakustaldi hartan arrantzan egin eta sare-pelajikoak bota nahi izan zituen Mas presidenteak bi usterekin: jendeak erabakitzeko eskubidearen alde egingo zuela, eta bera hautatuko zutela horretarako gidari.
Lehenengo ustean bete betean asmatu zuen Arturrek, bigarrengoan ez hainbeste: 12 parlamentari galdu ditu CiUk ezustean, eta beti independentziaren alde egin duen ERC saritu dute.
Aspaldiko esaera gaurkotu zaio “molt honorable” katalanari: usteak erdia ustel.
Haur gazte ta heldu, mundu berri bat helburu… nor ez da irrien laguna?
Mende laurden pasa da hasierako Beltxi eta Xalala haietatik. Tantaka yotanka, Pingui eta Makarroiak kantatzen genituen txikitan. Zenbat aldiz ikusi ote genituen telebista zaharrean zuen bideoak, gurasoei kotxean kaseteak berriro eta berriro jartzeko eskatu, izorratu arte.
Orain, erotu egiten naiz Gasteizko gaztetxean parrandan Marikalanbre abestia, tristurak sendatzeko aspirina, jartzen dutenero eta lehengusu txikia eramaten dut zuek ikustera berak baino gehiago nik gozatuko dudala jakinda.
Handitan Ane pirata izan nahi dut olatu gainean izarretara joateko. Largabistarekin natura zaindu. Goizero minutu bat hartu bizitzari “milesker!” esateko. Pupu eta Lore maitasunez (edo maitatasunez) elikatu. Martin bertsorekin kantatu irriparre bakoitzak dakarrela garaipena. Abuela Marialuisari eta amona Josefinari geranioak oparitu. Belekoi anderea izateari utzi. Amatxori goxo-goxo abestu eskatu gabe eman dizkidan musuen truke. Mundu zaharrari irriparre laranjak margotu. Jolastu eta oherakoan ilargia itzali. Bizitza, bihotza eta hizkuntza eskuetan hartu, ez gaudelako salgai. Pentsatu, sentitu eta ekin; biok dantzan, biok hegan, elkarrekin, ni zurekin zu nirekin egon gaitezen behingoz. Geurea dena abordatu euskal piratekin batera, horrela soilik iritsiko baita eguna biok elkar ikusiko duguna. Euskal Herria euskal irria bihurtu.
Lehen miresten zintuztedan, orain gehiago. Maite zaituztegu, ilargiraino eta bueltan. Txokomarrubizko muxu bana.
Azken argi izpiez goxatzera bi amona iritsi dira haur parkeko bankura. Beroietako bat, jertsearen mangapetik paperezko zapi zimurtu bat atera, eta bere lekua izanen dena garbitzen hasi da. Zapia bezain zimurtua duen esku zurbila, lehenengo hara eta gero hona darabil. Ondoren, eskuin besoa ipurtazpian sartu eta gona lisatua kontu handiz bildu du, esertzerakoan zimur ez dadin.
Bestea ondoan jarri zaio, edo jarri dute, gurpildun aulkian ekarri baitute. Honek, aurpegia argal, ahoa erdi irekia eta begizulo sakonetan ditu galduak begiak. Haurrei begira geratu da, baina ez dago haur jolasik bere buruan. Buru desordenatuan haurtzaroko oroitzapenak gordeta dituen kutxatxoa ezin aurkitu dabil, edo besterik gabe, ez zuen haurtzarorik izan, lana gogor egitea tokatu baizitzaion.
Lehenengoak hitza ematen dio, baina gaixoak ez dio deus. Honen atzean dagoenak erantzuten dio ordea, 40 urte gazteago den ahotsak. Ahots eztia du, goxoa eta apala, eta hitz egiten duen eran laztantzen du bere eskuaz amona. Maitekiro, emeki gora eta behera sorbaldan. Eskutik heldu dio hotzak dituen ikusteko, eta igurtzi batzuk emanez epeldu dizkio, azala azalaren kontra.
Amonak ez dio ezer, ez du keinu zipitzik ere egiten. Berak ez daki esku horiek ere ez dutela haurtzarorik izan, eta ez daki han nonbait familia bat utzi dutenik, eta ez daki noizbait bere etxera itzuliko direnik. Baina dakiena da, urrutiko esku beltzaran horiek maitekiro, emeki eta goxo laztantzen dutena.
Bizikletek gobernatzen dute Kopenhage hiria. Kotxeek, motorrek edota autobusek baino toki gehiago hartzen dute eta semaforo, geldiune zein bidegurutzetan lehentasuna dute. Bizikletek duten protagonismoa harrigarria da bisitari zein turista askorentzat. Udak ezinbesteko aukera ematen du bi gurpilen gainean hiriaz gozatzeko. Baina hotza, euria edota elurra iristean, zer egiten dute bertakoek? Txirringan ibiltzeko duten abilezia eta trebetasuna ikusita (umeek zein helduek) ez du ematen aldizkako erabiltzaileak direnik. Aldiz, une gogorrenetan eguraldiari aurre nola egin dakitela dirudi.
Kopenhagenekin akordatzen naiz askotan gurean lehiotik euria etengabe ikusten dudanean. Euripean jaio, hazi eta ximeltzen gara -klima aldaketa gertatuta ere- baina, noraino ikasi dugu horrekin elkarbizitzen? Merkatalguneetara jotzeaz haratago… noraino garatu ditugu estrategiak eguraldi txarrari aurpegi ona jartzeko?
Garai batean asko ziren aterpeekin eraikitako gune zein etxebizitzak. Zumaburun dugu gertuko adibide bat. Ibai ondoko arkupetan paseo luzea egin daiteke babesean. Gaur egun, aldiz, oso gutxi dira horretan erreparatzen duten arkitektoak edota eraikin enpresak. Metro guzti guztiak salgai daude. Bestalde, aterpe azpian gorde ohi direnak (umeak, nerabeak, gaztetxoak…) ez dute beti irudi ona ematen… (soinua, zikinkeria …). Kopenhagen txirrindularientzako bide zoragarriak garatu dituzte eta bertako hiritarrek ezingo lukete euren egunerokotasuna imaginatu horiek gabe. Gurean bidegorriak egiteari ekin diegu -bete ditzagun!- baina aterperik gabeko bizitzari egokitu behar izan gara.
Gauza gutxik banatzen gaituzte politikak beste, erlijioak eta futbolak salbu, noski. Politikariek, elkarbizitza solidarioa eta gizarte politika koherenteak eragin ordez, mutur desberdinetan kokatzen eta konfrontatzen gaituzte. Herritarrok erabakiak hartu beharrean, nork erabaki hautatzen dugulako, akaso.
Euskal gatazka arrazionala eta identitarioa izateaz gain, emozionala ere bada, minaren herentzia, alegia. Hamaika hildako, torturatu, atxilotu, deportatu, bortxatu, iraindu, baztertu… suposatu duena, gorrotora ohitu gaituena.
Inork, onak eta txarrak, garaileak eta galtzaileak, borreroak eta biktimak… bereizi nahi baditu, egin dezala, baina nik oso argi daukat denok jarri dugula guretik amets gaizto hau egi bihurtzerakoan, denok. Ondorioz, denok eman beharko dugu zerbait bidean, irtenbide batetara helduko bagara.
Behin gatazkak lapurtutako seme-alaba berriro magalean bildu gabe emango dute azken hatsa guraso askok, edo senide eta lagunek. Beste mordo batek, maiteak bidean galdu dituzten bezala. Ez al da garaia bakoitzari bere ardura politikoa eskatzeko eta normalizazio politikoa zein bake prozesua gorpuzteko?
ETAk jarduera armatua behin-betiko etetea erabaki duen legez, estatu espaniar eta frantziarrek neurriko erabakiak hartzea ezinbestekoa da, borroka molde politiko soiletara mugatuz eurak ere.
Kolorea, elkartasuna, askatasuna, maitasuna, irria… zabaldu behar ditugu lau haizetara, getifikaziotik integraziora salto eginez, inoiz gehiago ez dadin guraso bat leihotik begira geratu seme-alaben zain, malko bat dariola.
- Noiz itzuliko haiz seme/alaba? - Agian, inoiz ez, baina beti biziko zara nigan, ama/aita.